• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2020, ekainak 10
    'Nafarroa Suspertu' planari hizkuntza-irizpidea ardatz duen proposamena egin diote Kontseiluak eta Behatokiak

    Nafarroa EUSKARAtik suspertu txostena helarazi diote Kontseiluak eta Behatokiak. Gizarte berdinzalegoaren alde, hizkuntza-irizpideak ere kontuan hartu behar direla dio txostenak

    Nafarroako Gobernuak abiatutako Nafarroa Suspertu 2020-2023 ekimenari ekarpena egin diote Kontseiluak eta Behatokiak elkarrekin osatutako Nafarroa EUSKARAtik suspertu txostenarekin.

    Izan ere, COVID-19ak eragindako egoeratik <<sendoago>> eta <<kohesionatuago>> ateratzeko Nafarroako Gobernuak martxan ipini duen ekimena da Nafarroa Suspertu. Baliabide publiko zein pribatuak baliatuta, gizarte eragileekin elkarlanean jardun nahi du, eta hazkunderako, berrikuntzarako, berdintasunerako eta ekitaterako oinarri berriak ezartzea da helburua.

    Hori dela eta, oinarri berriak behar direla ados izaki, ekarpena egitea erabaki dute Kontseiluak eta Behatokiak. Azken batean, alde batetik, ‘normaltasun berri’ berdinzalego baterako aukera ekar lezakeelako gobernuaren ekimenak; eta, bestetik, hala izan dadin, hizkuntza-irizpideak ere kontuan hartzea ezinbestekoa izango delako.

    Bi ardatz horiek jasotzen ditu Nafarroa EUSKARAtik suspertu Kontseiluaren eta Behatokiaren txostenak, jada Nafarroako Gobernuaren eskuetan dagoena.

    Hizkuntza-irizpideak faltan
    <<Zinez uste dugu ariketa interesgarria planteatu duela Nafarroako Gobernuak>>, ziurtatu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. <<Finean, pandemiak kolektibo zaurgarrienei gogorrago eragin die, eta gizarteak zein sistema berak dituen ahuleziak agerian utzi ditu. Horrexegatik beharrezkoa da ahulezia horiek sendotzeko neurriez gain, paradigma berrietan oinarritutako gizarte bat definitzen hastea>>.

    Nafarroa Suspertu ekimenaren txostenak, ordea, hutsune nabarmena du Kontseiluaren eta Behatokiaren ustez: hizkuntzarena. <<Nafarroako etorkizuna justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren ardatzetan kokatu beharra aldarrikatzen badugu, nahitaezkoa ere bada euskara erdigunera ekartzea>>, gogorarazi du Bilbaok. <<Izan ere, ez dago kohesio sozialik bermatzerik herritarrei eskubide guztiak errespetatu eta kontutan hartu gabe>>.

    Horregatik, hizkuntza-irizpidea ere kontuan hartuko duen oinarri berrien premia utzi du agerian Kontseiluak eta Behatokiak osatutako Nafarroa EUSKARAtik suspertu txostenak. Sektoreka baino ikuspegi orokor batetik landu dute, eta atal guztietan hizkuntza-irizpidea nola txertatu zehazten du; osasungintzan, hezkuntzan zein bestelako zerbitzu publikoetan, esaterako.

    <<Gure ustez, une ezin interesgarriagoa da hizkuntzaren aldagaiak kohesioan, berdintasunean eta justizian betetzen duen funtzioaz hitz egiteko, eta eztabaida horri laguntzeko dokumentua osatu dugu>>, azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak