2012 urtea ere euskaraz bizi nahi eta ezin duten, uzten ez dieten, pertsonen kronika

2013-06-06

Card image cap

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak "Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2012" txostena aurkeztu du gaur Donostian. Urtero bezala Behatokiak jasotako kexen bilduma egin eta txosten batean aurkeztu ditu Euskal Herrian hizkuntza-eskubideen bermeaz arduratzen den erakunde herritarrak. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, 2012 urtea ere euskaraz bizi nahi eta ezin duten herritarren kronika izan da.

Petriatik adierazi duenez, euskal hiztunekiko lehendik zetozen joerek bere horretan segitu dute 2012an. "Behatokian 1500 kasutik gora jaso eta bideratu dira 2012an eta egoera hauek, oroz gainetik, euskaraz bizi nahi eta ezin duten pertsonen bizipenak dira, euskaraz bizi nahi eta uzten ez dieten pertsonen kexak" adierazi du Behatokiko zuzendariak.

Izan ere, adierazi dutenez, herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez Behatokira helarazitako gertaerek agerian jartzen dute administrazioek ez diotela erantzuten herritarrek euskaraz bizitzeko erakusten duten nahiari. Petriatiren arabera, "hamaika traba izan dira euskaraz hitz egiteko 2012an, eta erdaren hesiarekin egin dute topo behin eta berriro euskal hiztunek. Nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak eta euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar du euskaraz bizi ahal izateko, ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erdaraz garatzen delako".

Ipar Euskal Herrian egiturazko oztopoek indarrean darraite

Petriatik azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian nekez lortzen da erakunde publikoek eskaintzen duten harrera edota plazaratzen dituzten euskarriak, jakinarazpenak, informazioak eta abar euskaraz jasotzea. "Era berean, hizkuntza paisaia ez da sistematikoki euskaratua. Beraz, oro har, frantsesaren nagusitasuna eta euskarak duen presentzia eskasa nabarmentzen da publikoarekiko harremanetan. Bestalde, 2012an Hollandek ez du hauteskundeetan emandako hitza bete, alde batetik gobernuak ez du euskararen ofizialtasuna onartu eta bestetik ez du Hizkuntza Gutxituen karta sinatu. Horrela bada, Frantziako Estatuak frantsesaren erabateko lehentasuna ezartzen jarraitzen du. 2012ko martxoan milaka herritarrek Baionako karriketan euskararen ofizialtasuna galdegin zuten arren, lege gerizarik ez izatearen ondorioz, ukapen eta bazterkeria bizi dute egunero Ipar Euskal Herriko euskaldunek" gaineratu du Behatokiko zuzendariak.

Europako ministroen kontseiluak Behatokiaren diagnosia berretsi du

Espainiako Estatuko Administrazioari dagokionez, Espainiako Gobernuak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi zuen Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna ez duela betetzen salatu du Petriatik eta 2012an Europako Batzordeko ministroen kontseiluak horixe bera esan duela Itunaren konpromisoen betetze mailaren gaineko hirugarren txostenean. "Oraingoan ere Estatu administrazioek eta zerbitzu publikoek hizkuntza gutxituak eta eskualdetakoak erabiltzeko neurriak hartu behar dituztela ohartarazi du ministroen kontseiluak" adierazi du Petriatik. Are gehiago, zerbitzu horietan euskararen erabilera irregularra dela adierazi eta hizkuntza gutxitua modu sistematiko eta erregularrean erabiltzeko neurriak ere eskatu ditu. Petriatiren arabera, Europatik Espainiako estatuari egin dizkioten gomendio hauek bat datoz urtero Behatokiak egiten duen diagnosiarekin.

Hego Euskal Herriko Administrazioei dagokienez, "Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren azterketa ere egiten du ministroen kontseiluaren txostenak eta euskarazko komunikabideak sustatzeari begirako neurriak sumatzen ditu faltan" adierazi du Petriatik. Izan ere, Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren eta Vascuencearen Legearen beraren puntuetako bat nabarmen urratzen ari da Nafarroako Gobernua: ez du ez eskaintzen ez bermatzen euskarako irratirik ez eta telebistarik. Hezkuntzan, berriz, ingelesa irakastereduetan nola txertatzen ari den kezka azaldu eta ikasleak benetan euskaldunduko dituen hezkuntza ereduen alde egiteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari Europako ordezkariek.

Osasun arloari buruz gomendioa lehenengoz: "Osasun-sisteman gurea bezalako hizkuntzen sustapenaz gomendio zuzena eta berezitua ere egin du lehen aldiz Europako ministroen kontseiluak 2012an argitara emandako hirugarren ebaluazioan" azaldu du Petriatik. Aurreko ebaluazioetan beltzune izan da osasun-zerbitzuen alorra, baina oraingoan eremu horretan behar bezalako aldaketak egiteko dei zuzena eta berezitua  egiten diote administrazioari.

Behatokiko zuzendariaren arabera, "herritarrek helarazten dizkioten kexa eta bizipenetan oinarriturik, Behatokiak urterik urte txostenean jasotzen dituen ondorioetan, behin eta berriro agertu dira beltzune gisa osasun-zerbitzuak eta hala jakinarazi izan dio Europako Kontseiluko Adituen Batzordeari. Honek, besteak beste, argi erakusten du euskaraz egiteko eskubidea urratzeagatik Behatokian jasotzen diren salaketek duten eragina eta oihartzuna".

Petriatik azaldu duenez, orokorrean, euskaraz bizi nahi eta ezina jasan behar izan du euskal hiztunak 2012an. "Administrazio-zerbitzu guztietan egin dute ahalegina herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko, baina osasun-zerbitzuetan, justizia eremuan, herrizaingo eta barne-sailetan eta  hezkuntzan nabarmenak dira euskaraz aritzeko, izan hitzez nahi idatziz, herritarrek aurkitu dituzten oztopo eta zailtasunak" nabarmendu du Petriatik. Horiekin batera, 2012an euskal hiztunak lan-munduan, posta eta garraio zerbitzuetan, kulturan eta merkataritzan ere behin eta berriro ezintasun egoeran aurkitu direla azaldu du.

Petriatik argi eta garbi utzi nahi izan du "Euskal Herriko eremu administratibo guztietan (Estatu administrazioak, administrazio autonomikoek eta toki administrazioek), sektore publikoan zein sektore pribatuan urratzen zaizkie hizkuntza-eskubideak euskaldunei".

Jarraian Behatokiaren zerbitzuen erabiltzaile diren bi norbanakok hartu dute hitza eta beren esperientziak azaldu dituzte. Saldiasko Markel Lizasoain nafarrak bere egunerokoan pairatzen dituen urraketei buruz hitz egin du: mediku erdalduna, Nafarroako gobernuaren jakinarazpenak gaztelaniaz, errepideetako kartelak gaztelaniaz... Ondoren Bikain Urkiri ondarrutarrak bere bizipenez hitz egin du, metafora ezberdinak baliatuz euskal hiztunok egunerokoan pairatzen ditugun eskubide urraketa ezberdinak salatu ditu.

Aurrez aurreko harreran zein telefono bidezkoan euskaraz aritzea ezinezkoa suertatu zaie herritarrei askotan. Beste batzuetan, herritarrek lehen hitza euskaraz egin arren, erdaraz jaso dute erantzuna edo erdaraz hitz egiteko eskatu diete. Beste zenbaitetan, euskaraz aritzea nahi izatekotan, itxaron egin beharko dutela edo beranduago deitzeko jakinarazi diete.  Horrela, informazioa edo tramitazioa euskaraz egin nahi izateagatik atzerapenak nozitu eta ahalegin berezia egin behar izan dute herritarrek.

Idatzizko hartu-emanari dagokionez, herritarrei helarazi informazioa, gidak, inprimakiak, e-posta, bidezko mezu eta jakinarazpenak, seinaletika, webguneak, gutunak, inkestak, liburuxkak, informazio-orriak, kartelak eta panelak, egiaztagiriak... eta abar gaztelania eta frantses hutsean bideratu zaizkie maiz herritarrei 2012an. Beste zenbaitetan eskasa izan da euskarri horietan euskarari eskaini zaion presentzia eta euskarazko bertsioa akatsez beterik ageri da beste batzuetan.

 

Norberaren hizkuntzan bizitzeko eskubidea bermatzen ez duen administrazioak, oinarri-oinarrizko giza-eskubidea urratzen du. 

Petriatik salatu duenez, "Administrazio publikoaren sektorean (eta pribatuan) euskarak inongo errekonozimendurik gabe segitzen du Ipar Euskal Herrian. Nafarroako Foru Komunitatean, desoreka eta herritarren arteko eskubide desberdintasunak ez du aldaketarik izan 2012an eta euskara bereganatzeko hizkuntza-eremuak ezartzen dituen banaketa administratiboak bere horretan dirau. Hargatik, bi eremu administratibo horietan premiazkoa da lege-babesa euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatu nahi badira".

Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, euskarari lurralde osorako ofizialtasuna aitortu zitzaiola 30 urte bete dira 2012an. Administrazioak estatusa aitortzeak funtsezko bermea eskaintzen badu ere, 2012an hizkuntza-eskubideen urraketak gertatu izanak erakusten du urte hauetan guztietan hartutako neurriak ez direla aski izan euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Hortaz, ezinbestekoa da ofizialtasuna edukiz betetzea, paperean jasotakoa egunerokotasunean bermatzea, ofizialtasunaren aitortzak ez baitu besterik gabe (arau, plangintza eta baliabiderik gabe) hizkuntza-eskubideen bermea ziurtatzen.

 

Sektore pribatua: arauak ez du eskubideen errespetua bermatzen, araua betearazteko neurririk ezean hizkuntza-eskubideen urraketa ohikoa bilakatzen da. 

Petriatik azaldu duenez, arlo sozio-ekonomikoan egoera ez da hobea: Sektore honetan, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian ez dago herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideen babeserako inongo legerik.  Ondorioz, 2012n ere euskaldunen hizkuntza-komunitateak erabat babes gabe jarraitu du eta erakunde, enpresa eta entitate pribatuek lasai asko jarraitu dute dauden-daudenean, hau da, euskaldunen hizkuntza-eskubideak urratzen.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2008an onartutako dekretua betearazteko neurriak (zehapenak) 2012an Eusko Jaurlaritzak berak baliogabetu dituela salatu du Petriatik, besteak beste, euskara erabiltzen ez duten saltokiei isunik ez jartzea onartuz. "Lege-urraketen aurrean neurririk aurreikusten ez duen lege orok ez du inolako baliorik eta ondorioz, kasu honetan ere, euskaldunon oinarrizko eskubideen urraketa betikotu duen atzerapausoa izan da" gaineratu du Behatokiko zuzendariak.

Petriatiren aburuz, "eremu batean zein bestean sektore pribatuan euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko arau, plangintza eta baliabideak behar dira, helburu eta epe zehatzak eta noski, arauak betetzen ez dituztenentzat neurriak".

Euskaldunekiko tratu zakarra eta errespetu gabekoa ez dira desagertu

Ildo beretik, euskaldunekiko tratu zakar eta errespetu gabekoa erakusten duten zenbait gertaera azaldu dituzte, guztiak beste horrenbeste herritarrek Behatokira helarazitakoak. Petriatik salatu duenez, "gertaera hauek egunez egun euskal hiztunek bizi duten errealitatearen lagin txiki bat besterik ez dira". Zenbaitetan euskaraz aritzeko oztopoek sortzen duten ezintasunari euskaldunon duintasunaren eta nortasunaren kontrako jarrera adeigabeak ere gehitzen zaizkio:

-   No te entiendo, ¿Me puedes hablar en castellano?

-   ...le voy a hablar en español... (oihuka)

-  1593ko Villers-Cotterêts ordenantzak frantsesaren erabilera behartzen du. Testu hori, gaur egun, indarrean da.

- L'ordonnance de 1539 dite " ordonnance de Villers-Cotterêts" impose l'usage du français. Ce texte est toujours en appliqué.

-  ...que me lo digas en castellano.

-  ... les documents que l'administration fiscale adresse aux contribualbles n'ont pas à être rédigés dans une autre langue autre que le français.

-  ....

Euskaldunek ezin dute gehiago itxaron

"Lerro hauetan marraztu dugun argazkiak, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duenaren mina, aintzat hartu ez izanak ematen duen mina islatzen du, errealitate ezkutatua. Oraindik ere sarri, askotan, gehiegitan sentitzen baitu bazterketa, gutxiespena, nahigabea, mespretxua, iraina, eta atsekabea euskaldunak bere herrian euskara erabiltzen saiatzen denean" azaldu du Petriatik.

Baina honek guztiak beste zerbait ere adierazten du Petriatiren ustez, "2012an Behatokian jaso ditugun bizipen hauek guztiek errealitate bat uzten dute agerian: hizkuntza-eskubideak baliatu eta euskaraz bizitzeko nahiari erabakitasun irmoz heltzen dioten herritarren ahalegina. Traba guztien gainetik, gero eta gehiago dira administrazio-zerbitzuetan zein sektore pribatuan euskaraz ari eta bizitzeko eginahala egiten duten herritarrak". Eta behatokiaren ustez, ahalegin horrek, administrazioen deliberamendua exijitzen du ezinbestean. Behatokiaren ustez, euskaraz bizitzeko desirak eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharrak ezin dute gehiago itxaron.