• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2016, maiatzak 12

    Euskararen kontra Nafarroan bizitako azken gertaerek, herritarrek egunerokoan pairatzen duten hizkuntza-eskubide murrizketa etengabea agerian uzten dute berriro ere. Horren aurrean, premiazkoa da administrazioek babesa eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzea.

    Nafarroan azken egunotan bizitako erasoek, ETBren TDT seinalearen eteteak eta Iruñeko euskarazko haur eskola berrien aurkako epaiak, inondik ere aski ez diren administrazioko lanpostu gutxi batzuetan euskaraz jakitea eskatzeagatik helegiteak iragartzeak, agerian utzi dute berriro ere Foru lurraldeko herritarrek aspalditik pairatzen duten hizkuntza-eskubideen murrizketa etengabea, ez soilik komunikazio eta hezkuntza arloetan, baizik eta bestelako esparru batzuetan ere.

    Izan ere,  euskaraz bizitzeko hautua egiten duen herritarrak  oztopo  ugari aurkitzen ditu egunerokoan,  dela zerbitzuak baliatzerakoan, dela administrazioarekin dituen harremanetan: langile elebidunak ez ziurtatzeak ondorio larriak ditu herritarrarentzat, maiz gaztelaniara jo behar duelako bere gogo eta eskubidearen kontra. Hori horrela, langileak elebidunak izatea ezinbesteko baldintza da herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta herritar guztiei zerbitzuak berdintasun baldintzetan eskaini ahal izateko. Horrela ez egiteak herritarrek pairatzen duten injustizia egoera betikotzea besterik ez dakar.

    Administrazioen eginbeharra da herritarren hizkuntza eskubideak babestu eta bermatzea eta hori eragozten duten oztopoei (izan legezko, administratibo nahiz politiko) irtenbide egokiak aurkitzea. Ekin eta eutsi diezaogun  bada bideari, euskal hiztunek noizbait aterpe egokia izan dezaten Nafarroan.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak