• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2016, maiatzak 17

    Hizkuntz Eskubideen Behatokiak "Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2015" txostena aurkeztu du Iruñean. Herritarrek bidalitako gertaeren bilduma da Behatokiko Garbiñe Petriati zuzendariak hedabideen aurrean aurkeztu duena. 2015ean ere, herritarren determinazioari esker hainbat egoerari konponbidea ematea lortu da.

    "Gure indarrean sinistea da aldaketaketarako bidea"

    Herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez zein Akuilari telefonoetarako aplikazioaren bidez Behatokira helarazitako gertaerek, 2015eko hizkuntza-eskubideen egoeraren argazkia eskaintzen dute. Euskaraz jarduteko oztopoen aurrean jarrera irmoari eutsi eta arrakastarako bidea egin dute herritarrek 2015ean ere. Hizkuntza dela eta bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatea onartzen ez dutenak, tratu duina exijitu eta egiten duten ahaleginaren ondorioz, aldaketak eragin dituztenak. Horren adibide diren kasu batzuen berri eman du Behatokiko Garbiñe Petriatik. 

    “Bezero batek hainbatetan egin zion eskaera Iberdrolari fakturaz gain idazki guztiak euskaraz jaso nahi zituela esanez. Bada, ekinaren ekinez, azkenean herritarrak lortu du bestelako komunikazioak ere euskaraz jasotzea”.

    “Zabalganako osasun-zentroan, berriz, aurre-erditze klaseak euskaraz jasotzeko aukerarik ez zegoelako kexu zen herritarrari erantzunez, Gasteiz osorako talde bat eratuko zuela erantzun zuen Osakidetzak”.

    Horrela lortu dute entitate ezberdinen webgunek euskarazko informazioa ere eskaintzea, bide-seinaleak, jakinarazpenak… euskaraz ere egitea. Alegia, “herritarrekin bidea eginez, lortu da hainbat kasutan aldaketak eragitea. Izan ere, herritarrek ongi erakusten diguten moduan, gure indarrean sinistea baita aldaketarako bidea" gaineratu du Petriatik.

     “Hala herritar guztien eskubide guztiak bermatzeko ardura daukaten agintariek eta arduradunek, askotan, utzikeriaz eta uzkur jokatzen duten bitartean, euskaldun gisa bizi nahi duten pertsonek egiten duten eginahalak eta hartzen duten jarrerak emaitzak ematen ditu, aldaketak sustatzen dituzte hizkuntza portaeretan”, Behatokiko arduradunaren esanetan.

    “Erdarak lehenesten diren testuinguru orokor baten baitan ematen dira egoera hauek guztiak. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioan, administrazio autonomikoeetan eta toki administrazioetan, arlo  publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak”.

    Petriatik gaineratu duenez, “euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa dela herritarren eta erakundeen konplizitatea. Izan ere, euskal hiztun gisa askatasunez eta berdintasunean bizitzeko aukera izatea ez delako kapritxoa, eskubidea baizik.”

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak