• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2014, maiatzak 21
    D ereduan ikastegatik frantseseko truke programa batetik baztertu dituzten ikasleen kasua azaldu dio Behatokiak Nafarroako Arartekoari

    Garbiñe Petriati Ijurra, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, Nafarroako Ararteko Fco. Javier Enerizekin bildu da Iruñean. “Behatokiak, ohiko duen moduan, herritarren bizipenetan oinarritutako diagnostikoa helarazi nahi izan dio, nafarren eskubideen zaintzarako Parlamentuak sortutako erakundeari” azaldu du Petriatik, horretarako, Behatokiko arduradunekin batera,  D ereduko ikastetxeetan ikasteagatik, frantsesezko truke programa batetik baztertu dituzten ikasleen hiru guraso bildu dira Arartekoarekin.

    “2013an hamaika traba izan dira euskararen herrian euskaraz bizitzeko,  gaztelania eta frantsesa lehenestea da behin eta berriro herritarrek aurkitzen duten tupustarria. Erakunde publiko zein pribatuek hizkuntza-eskubideen bermea aintzat ez hartzearen ondorioz, herritarrak eskubidez gabeturik ikusten du bere burua askotan”, esan du Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik.

    Nafarroako Gobernuaren jardunak ez du aldaketarik izan 2013an eta  euskararen aurkako jarrera izan du ezaugarri: euskaltegiak diru-laguntzarik gabe, euskarazko komunikabideak ere diru laguntzarik gabe, udaletako euskara zerbitzuetarako dirua nabarmen murriztuta…

    Baina diru-gorabeherarik ez dagoen gaietan ere hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa izan da: D ereduaren hedapena oztopatzen segitzen du; liburutegietan, osasun-zerbitzuetan, epaitegietan, ez du Nafarroako Gobernuak euskarazko zerbitzurik bermatzen, ezta hizkuntza ofiziala den zonaldean ere.

    Horiekin batera, Nafarroako administrazio-sail guztietan egon dira oztopoak aurrez aurreko harrera zein telefono bidezkoa euskaraz jasotzeko. Eta ohiko jakinarazpenak, gutunak e-postak, inprimakiak eta abar gaztelania hutsean jaso dituzte herritarrek.

    Ondorioz, hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoaren bideak eta herritarren arteko eskubide desberdintasunak ez du etenik izan 2013an. Bidegabea eta baztertzailea izaten segitzen du euskal hiztunekiko politikak eta administrazioak muzin egiten die herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko betebeharrari; indarrean dagoen lege eskasak ezartzen duena ere ez du betetzen hainbat arlotan Nafarroako Gobernuak.

    Ondorio hauekin batera, D ereduko ikastetxeetan ikasteagatik, frantsesezko truke programa batetik Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak berriki baztertu dituen hamar neska-mutikoen kasua ere aurkeztu zaio Arartekoari. Behatokiak lagunduta, hiru ikasleren gurasoek beraiek izan dira Arartekoari egoeraren berri eman diotenak eta, D ereduko ikastetxeetako ikasleak izateagatik, kaltetuak izan direlako kezka eta  kexua aurkeztu diote. Arartekoak gaia aztertzeko eta Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin harremanetan jartzeko konpromisoa hartu du.

    Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak euskaldunekiko erakusten duen bazterketa eta gutxiespenaren aurrean, euskaraz ikasi eta bizi nahi duten herritarren irmotasuna eta jarrera nabarmendu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendariak.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak
Banerrak