• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2014, uztailak 9

    Zumaiako osasun etxean medikuen ordezkapenetan gertatu den aferaren inguruan agerraldi irekia egin dute. Bertan, herritarrekin batera, udalaren zein euskalgintzaren ordezkariek parte hartu dute. Euskalgintzaren izenean Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik hitz egin du eta honek, herritarrek egindako lana txalotu du. 

    Garbiñe Petriati:

    Intz Linazasoro gurasoak eman du egoeraren berri. “Zumaiako herritar eta guraso moduan gure kezka azaldu nahi izan dugun Osasun Zentroan sortu den egoerarekin. Zumaian urte luzez jardun den pediatrak bere zerbitzuak emateari utzi zion eta ordez etorri zen medikuak ez zekien euskaraz. Horri gehitu behar zaio lehendik dagoen beste pediatra ere ez dela moldatzen euskaraz. Beraz, pediatra euskaldunik gabe geratu ginen egun batetik bestera”.

    Egoera horrek sortzen dien ezinegona azaldu du: “haurrik gehienek ez dute gaztelania menperatzen eta ez da bat ere erraza izaten medikuarenera joatea. Ezagutzen ez duten hizkuntza bat entzuteak gainera, estutasun hori handitu baino ez du egiten. Gure haurrek beraien beldur, estutasun eta guzti, ahots goxoz, hitz ulerkorrez hitz egingo dien norbaitek artatuak izan daitezen merezi dute”. Egin duten lanari esker lortutakoarekin pozik dagoela esan du, baina egoera ez dela oraindik nahi luketena ere nabarmendu du Linazasorok.

     

    Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, Kontseiluaren baitan biltzen den osasungintza alorreko lan-taldearen izenean hitz egin du. Zumaian gertatutako hau, Osakidetzan eta osasun alorrean, orokorrean gertatzen den zerbait dela nabarmendu du Petriatik. Osakidetzan langile elebidunen kontratazioan hutsune handia dago oraindik. Hutsune hau, gainera,  are gehiago okertzen da ordezkapenen kasuan, izan ere, uda garaian egiten diren ordezkapenetan ez dira hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen. Ordezkatzen den lanpostu horrek ezarrita duen hizkuntza-eskakizuna ere ez da aintzat hartzen eta ondorioz, langile elebidunak erdaldunekin ordezkatzen dira.

    “Administrazioak, kasu honetan Osakidetzak, hartu behar ditu dagozkion neurriak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen, ezin baitugu ahaztu administrazioei dagokiela herritarren eskubideak bermatzea, baita hizkuntza-eskubideak ere. Ildo honetan, aukera bat galdu berri du Osakidetzak, izan ere, orain dela hilabete gutxi egin du 2. Plangintzaldia eta ez du kontuan hartu aurrekoak eman dituen ondorioak eta berriz ere, beste urte batzuetan egoera hau luza dadin eragiten ari da”, azaldu du.

    Kasu honetan, herritarrek egindako lanari esker, lortu da neurri batean hasieran egindako kaltea konpontzea, Behatokiko zuzendariak esan duenez, euskalduna den beste mediku bat jarriz, baina “euskaldunak ezin du etengabe eskatzen ibili. Hori konpon dadin, ezinbestekoa da hasieratik beharrezkoa diren neurriak hartzea.  Hasieratik langile elebiduna kontratatzea, merkeagoa eta eraginkorragoa da eta ordezkapenen kasuari dagokionean ere, hizkuntza-eskubideak aintzat hartu behar dira”, gaineratu du.

    “Zumaiako kasu honetan, herritarrek eta instituzioek, kasu honetan udalak, elkarlanean egin diote aurre sortutako arazoari eta elkarlan honek emaitza positiboak ekarri ditu. Hain zuzen ere, hori da jarraitu behar den bidea. Euskalgintzak ere, bide hori babestu eta bultzatuko du. Gisa honetako egoerak ematen diren herrietako herritar, herri mugimendu eta instituzioei bide hau jarraitzeko deia egin nahi diegu”.

    Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiako alkateak eta UEMAko zuzendaritzako kideak herritarrek egindako lana babestu du. “Azken asteotan osasun etxeko hainbat erabakiren aurrean herritarrek izandako nahi eta sentimenduekin bat egiten du Zumaiako Udalak. Eta harro gaude herritarrez. Harro, azken asteotan, osakidetzako traben aurrean herritar talde batek erakutsitako indarraz; hartutako iniziatibak eta herri presioak epe motzean izan duen eragina gainera, nabarmena da”, esan du.

    Bestalde, Zumaiako Udalaren eta UEMAren helburua gogora ekarri du: “herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzea. Osasungintza euskalduntzeak helburu horren gauzapenean berebiziko garrantzia hartzen du. Izan ere, egunero milaka herritarrek jasotzen dituzte osasun zerbitzuak, eta gainera, Osakidetza Euskal Herriko lantegirik handienetarikoa izaki, milaka langileren euskalduntzean eragin dezake”.

    “Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz, trataera berezia behar dute; bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntza-politikan ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira.  Hala, udaletatik bakoitza bere eremuan zein udalerri euskaldun guztiok elkarturik UEMAren bidez, herritarrek osasun zerbitzu publikoa ere euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzeko lanean segituko dugu”.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak