• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2016, maiatzak 26

    Gaur goizean "Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2015" txostenaren aurkezpena egin dugu Baionan. Garbiñe Petriati, Behatokiko zuzendariak nabarmendu duenez, herritarrek egungo testuinguruan maiz zailtasunak aurkitzen badituzte ere,  euskaraz bizitzeko  nahia errealitate bihurtzeko bideari ekin eta hizkuntza-eskubideak balioan jartzeko indar egiten dute.

    Herritarren gogoa ukazioari aurre egiteko bidea

    “Ipar Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dute herritarrek, baina oso baldintzaturik dute horretarako aukera euskarak ez duelako inongo errekonozimendurik”, esan du Petriatik Baionan egindako 2015eko txostenaren aurkezpenean.

    “Euskaraz bizitzeko zailtasunak herritarrengan bazterketa, nahigabea eta inpotentzia sentiarazten die” Behatokiko eledunaren hitzetan. Alabaina, herritarrek hizkuntza-eskubidea baliatzeko joera erakusten dute. “Eskubidearen aitortza exijitzen dute eta  oztopoei aurre egiteko prest azaltzen dira, egoera hobetzeko ahalegina egiten”.

    Honatx jarrera tinko horren adibide bat: “Baionako Mediatekan izena emateko fitxa frantses hutsean da. Hala izanik ere euskaraz bete dut, besteak beste, “karrika” emanez eta nire izena “uy” grafiarekin eman ordez “i”rekin emanez. Idazkaria haserretu zait eta mespretxuzko jarrerarekin hartu nau, hola ezin zela aritu deitoratuz”. Behatokiak Mediatekara kexa igorri ondoren, izen-emate fitxa ele bietan jarri du.

    Hizkuntza paisaiari lotuta, lortu da hainbat kasutan frantsez hutsean zegoena euskaraz ere egotea. Besteak beste, “Ikeak Baionan zabaldu berri duen dendan, txikia bada ere, keinua egin die euskaldunen hizkuntza-eskubideei. Capio klinikak ere, duela urte batzuk hasitako bidetik urratsak ematen segitzen du eta hizkuntza paisaian presentzia garrantzitsua eskaini dio euskarari”, azaldu du Petriatik. Eta gaineratu du adibide hauek bidea zein den erakusten dutena.

    Norbanakoek ez ezik, entitateek ere euren alea jartzen dute euskarari presentzia eskaintzeko eta euskaldunen eskubideak kontuan hartzeko. Horren adibide dugu Azia elkartea.  Euskararen ezagutza baloratzen du 2015ean zabaldutako  lan eskaintzan.

    Herritarrek euskaraz bizitzeko hautua egiten duten une beretik ohartzen dira egoera ez dutela alde. “Ez dute hizkuntzagatik bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatea onartzen, tratu duina exijitzen dute, hizkuntza-eskubideak balioan jartzeko indar egiten dute, eta jarrera horri irmo eutsiz, hizkuntza portaeretan eragitea lortzen dute, euskaraz aritzeko espazio eta aukera berriak izatea lortuz”, Behatokiako zuzendariaren aburuz. 

    Herrritarren jarrera eragilearen aurrean arduradunen utzikeria salatu du Petriatik: “Paradoxikoa bada ere, herritar guztien eskubide guztiak bermatzeko ardura daukaten agintariek eta arduradunek utzikeriaz jokatzen duten bitartean, euskaraz bizi nahi duten pertsonen jarrera aktiboari esker hartzen ari dira  hizkuntza portaera proaktiboak bultzatzen dituzten neurriak”.

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak