Mendigorriko D ereduaren aldeko guraso eta bizilagunak herriko autobus geltokian elkartu dira D ereduaren eskaria berresteko

2020-09-29

Card image cap

Mendigorriko 12 urtetik beherako haurren %35-45 herritik kanpo joaten dira euskaraz ikasi ahal izateko. Egoera hau salatzeko elkartu dira gurasoak eta Behatokia Mendigorriko autobus geltokian. Bertan adierazi dute 2021-2022 ikasturterako D ereduan eskaria erregistratu dutela jada Hezkuntza Departamenduan.

Ikasturte berrian, zaharrak berri. Euskaraz ikasteko, Mendigorriako haurrak urteak daramatzate egunero autobusa hartu eta Gareseko ikastetxera joaten, eta ikarturte honetan ere errepikatu da egoera. “Herriko 12 urtetik beherako eskolaratutako haurren %35-45 artean herritik kanpo joaten ari da D eredua aukeratzeagatik, nahiz eta beraien herrian ikastetxe bat egon”. Halaxe salatu dute gurasoek gaur arratsaldean Mendigorrian egin duten agerraldian. Haurren joan-etorria irudikatzeko elkartu dira autobus geltokian, Behatokiko Agurne Gaubeka zuzendariak eta herritarrek lagunduta.
Irailean herrian bertan D ereduan matrikulatzeko aukera eman ez zitzaiela deitoratu, eta berriro ere Hezkuntza Departamendura jo dutela jakinarazi dute gurasoek. “Aurrematrikulazio garaia otsailean izango da, baina jada erregistratu ditugu Hezkuntza Departamentuan D ereduaren irekiera eskariak”, adierazi du gurasoen bozeramaileak. “Hezkuntzan erregistratutako eskarian, gainera, aurtengo lehengo kurtsoan matrikulatu nahiko ziren haurrez gaindi, aurreko urtean beraien nahia D ereduan Mendigorrian ikastea dela zehaztu zuten haurren eskaerak ere erregistratu dira”. Hortaz, “beste behin D ereduan Mendigorrian gure seme-alabak matrikulatu nahi ditugula eskatzen ari gara. Ez al da argi geratu hemen bere eskubideak erreklamatzen duen herri bat badela eta ez garela nekatuko horien alde egiteaz? ”.
Era berean, gurasoek eta Behatokiak jakinarazi dute beste bilera eskaera bat egin diotela Hezkuntza Departamenduari, datorren ikasturtera begira egoera argitu dadin.

Ziurgabetasuna eta Hezkuntza Mapa
Euskararen legeak ziurgabetasuna sortzen duela azpimarratu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. “Lege horrek ezarritako eremu mistoetan euskararen irakaskuntza gradualki, progresiboki eta era nahikoan eskainiko dela aipatzen badu ere, argi geratzen da praktikan babes gutxi eskaintzen digula, eta agintarien esku geratzen dela artikulu hau era positiboan interpretatzea”. Ondorioz, legea lehenbailehen aldatu behar dela berretsi du Gaubekak; bai behintzat nafar guztien eskubideak bermatu nahi badira. “Hizkuntza eskubidea ez da soilik euskaraz ikasteko eskubidea”, zehaztu du. “Gure lurraldeko hizkuntza izanik, berdintasunean ikasi ahal izateko eskubidea ere bada. Horregatik ez dugu ulertzen, adibidez, Mendigorriko belaunaldi ezberdinetako haurrak, zergatik joan behar izan diren beste herri batzuetako eskoletara, beraien herrian baldintza guztiak betetzen dituen eskola bat dutenean”.
Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Mapan aldaketak egiteko prozedura ireki izanak aukerak zabaldu ditzakeela uste du Gaubekak. “Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren esanetan, mapa hori zen Mendigorrian D eredua irekitzeko oztopo nagusia. Hori aldatzera doazela jakiteak, afera konpondu daitekeenaren esperantzaz uzten gaitu”. Baina, horretarako eskubideen irizpidea gailendu beharko litzatekeela oroitarazi du, orain arte gertatu ez bezala. “Nafarroako edozein herritako gurasoek D ereduaren irekiera eskatuko balute, Hezkuntza Mapa zein bestelako araudi eta tresna guztiak eskubide hori egikaritzeari begira jarri beharko lituzkete. Ezin du oztopo izan”.
Hori dela eta, Mendigorrian bezala Nafarroako beste lurraldeetako gurasoek euskarazko irakaskuntza nahi badute, Hezkuntza Departamentuari argiro adieraztea eskatu die Gaubekak. “Beraien herrietako eskoletan euskarazko irakaskuntza zabaltzearen alde egin nahi duten guraso guztiei, beraien eskubideak erreklamatu eta eskariak egin ditzaten dei egiten diegu”.