• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2020, apirilak 15
    Mendigorriko D ereduaren auziari lehenbailehen konpobidea emateko eskatu dio Behatokiak Euskarabideari

    2015etik ari dira Mendigorriko gurasoak aldarrikatzen haurrek herrian bertan euskaraz ikasteko duten eskubidea.

    BEHATOKIA, 2020-04-15
     
    Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eskabidea aurkeztu du Euskarabidea Euskararen Nafar Institutoan Nafarroako Gobernuak lehenbailehen bide eman diezaion Mendigorriko D ereduaren auziari. Izan ere, Mendigorriko gurasoek urtez urte D ereduaren alde egin arren, Nafarroako Gobernuak ez du euskarazko eredurik ezarri eta ez du zehazten etorkizunean eredu hori ezartzeko asmorik duen; egoera ulergaitza da. Behatokiak gurasoen eskaerak bere egiten ditu eta gaur goizean eskabidea aurkeztea erabaki du Euskarabidean, Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko duen organoan.
     
    Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko guraso talde batek 2015ean ekin zioten euren seme-alabek euskaraz ikasteko zuten eskubidea aldarrikatzeari. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza delegaritzak aldiz, ez du bidea ireki Mendigorriko gurasoek aukera hori izan dezaten.
     
    Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak bat egin du gurasoen eskaerarekin, hala eskatzen duten gurasoentzako euskarazko irakaskuntza lerroak sortzea ezinbestekoa delako: <Nafarroa guztian bezala, Mendigorria bezalako herri txikietan berebizikoa da etorkizunerako haurrak herrian bertan euskaraz ikasteko aukera izan ahal izatea, are gehiago herrian bertan, Mendigorrian bezala, instalazio egokiak dituen zentroa izanik>. Horregatik, <kurtsoz kurtso gurasoek egindako eskaerari erantzuna eman beharko litzaioke behingoz, aukera egon badagoelako>. Eta ez hori bakarrik,  <ez gara ari soilik guraso batzuen eskaeraz, Nafarroako hainbat herritako haurren eskubideez eta herri hauetako eredu kultural eta soziolinguistikoaz ere ari gara eta horiek babesteko egungo Nafarroako marko juridikoak ez duela beharrezko babesa ematen argi gelditzen da>.
     
    Izan ere, 18/1986 Euskararen Legearen 25. artikuluan euskara irakaskuntzan pixkanaka, progresiboki eta behar adina sartuko dela adierazten da, eta 159/1988 Foru Dekretuan, Nafarroako irakaskuntza ez unibertsitarioan administrazioak, tutore edo gurasoek aurkeztutako eskaerak eta zentroaren baldintzak aztertu ostean, dagokion ereduaren ezarpen jarrai, gradual eta egokia eskaintzea ziurtatzen du. Baina, errealitatea oso bestelakoa da, gurasoek oraindik ez baitute jaso Nafarroako Gobernuaren erantzun arrazoitu bat. Soilik dakiguna da Mendigorriko ikastetxean D eredurik gabe jarraitzen dutela eta ezinezkoa zela aurrematrikulazioak egiterakoan D eredua hautatzea zentro honetan.


    Gaubekak <larritzat> jo du egoera, haurren hezkuntza eskubideak urratzeaz gaindi, familientzako eragozpen handiak sortzen direlako. <euskaraz ikasteko herritik kanpo bidali behar dituzte haurrak, horrek dakartzan ondorio guztiekin: garraio eta jangela zerbitzuak ordaindu beharra, errepideko arriskuak, denboraren kudeaketa, familien erosotasunean oztopoak...>. Eta, era berean, Mendigorriari berari ere eragiten dizkio kalteak, Gaubekaren aburuz: <epe ertainera egoera honek eragin nabarmena izango du soziolinguistika eta eredu kulturalean. Berdintasuna, justizia eta  kohesioaren alde beharrezko neurriak exijitzen dizkiogu Nafar Gobernuari.>

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak