• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2015, otsailak 19

    Nafarroako gainontzeko zonaldeetan gertatzen den bezala Nafarroa hegoaldean ere D ereduko ikasgelak abiatu ahal izango dira eskola publikoetan.

     

    Nafarroa hegoaldeko familien kemena Parlamentuan islatu da

    Nafarroako Parlamentuan egun seinalatua 2015eko otsailaren 19a. 30 urtetan Euskararen Legeak ezarri duen harresi bortitza zulatuko duen lege proposamena eztabaidatzeko eguna. Urte horietan guztietan Nafarroa hegoaldean eskola publikoan D ereduan ikastea galarazi duen aldaketa mahai gainean.

    Euskalgintzako sektore zabal baten ordezkaritza gonbidatuen aulkietan. Han izan da Hizkuntza Eskubideen Behatokia ere. Ezin burutik kendu urte hauetan guztietan zonalde horretako familiek bizi izan duten eskubide urraketa larria. Oso gogoan guraso horien indarra, egindako ahalegina eta erakutsitako adorea. 

    Seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko eguneroko kilometroak, bidean eman beharreko denbora, sosak eta errepideko arriskuak…  Eurei esker euskarak ateak irekiago izango ditu Nafarroa hegoaldean.

    Halere, Euskararen Legean onartutako aldaketak ez du nafar euskaldunen injustizia eta diskriminazioarekin bukatzen. Badakigu nafar askoren poza ez dela erabatekoa eta emandako urratsak ez dituela guztiz  asebetetzen.

    Baina, Arantxa, Lurdes, Argi, Josu... zuek emandako bultzadari esker irekitzen hasi den atearen atzean euskaraz ari diren ikasgelak ikusten ditugu. Orain, guztion artean, erabat zabalduko dugun ate horren bestaldean euskaraz mintzo diren bulegoak, dendak, lantokiak, aiselekuak... irudikatzen ditugu.

     

     

     

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak