• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2018, ekainak 5

    Hizkuntza-eskubideen urraketa kroniko bihur ez dadin botere publikoek injustiziak gainditzeko politikak egin behar dituzte

    Urraketa egoerarekin amaitzeko bidean euskal hiztunentzat gune babestuak eskatu ditu Behatokiak

    Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostenaren aurkezpena egin du, aurten Iruñean. Arantza Haranburuk eta Edurne Arrizibitak eman dute ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2017an’ lanaren berri. Euskaldunontzat eroso sentitzeko guneak sortu beharra aldarrikatu dute, euskaraz osoki bizitzeko bidean emateko urrats gisa. Iaz, administrazioetan kontratazio politiketan erroko aldaketa eskatu zuen Behatokiak eta hori segika beharrezko ikusi du zirkuituen sorrera.

    Txostena, herritarrek Euskararen Telefonoaren bitartez eta Akuilari aplikazioaren bitartez Behatokiari helarazten dizkioten bizipenekin osatzen da; izan kexa edo zoriona.

    Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak 70 urte beteko ditu aurten eta hori gogora ekarri dute agerraldian. Dokumentuan hizkuntza-eskubidea substantiboa eta subjektiboa ez bazen ere, Deklarazioak aitortu egiten du beste edozein eskubide gozatzerik badugula eta ezin zaigula hizkuntzarengatik bereizkeriarik eragin.
    “Euskaraz bizi nahi duten herritarren bizipenak dira hizkuntza-eskubideen egoeraren neurgailurik egokiena”, Haranburuk esan duenez eta gaineratu du, “urtez urte errepikatzen ari garena errepikatu beharrean gaude baita gaur ere.  Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak aurkitu dituzte 2017. urtean euskaraz bizi nahi duten herritarrek”.

    Mina, ezinegona, haserrea eta sumindura gisako sentimenduak oso ezagun dituzte Behatokira jotzen duten herritarrek. Hurrengo adibideetan ikus daitekeen moduan:

    “… zerbitzari batek aipatu digu euskarazko zerbitzua eskatu dugula eta, nahi bagenuen ingelesez arreta egiten ahal zigutela. Ez du modu txarrean esan, baina mindu nau. Aipatu diot euskara bertakoa dela eta ingelesa ez; konparaketa eskasa egin duela.”

    “… Semearen ospitaleratzeak iraun duen 6 egunetan (abenduaren 13tik 19ra), langile bakarrak artatu gaitu euskaraz. Gainerako guztiek gaztelaniaz jardun dute… Semeak euskaraz baino ez dakienez, ezin izaten zien ulertu esandakoa horrek sortzen duen ezinegonarekin.”

    “Bizkaiko Probintzia Auzitegian epaiketa azkar batean lekuko gisa deklaratzera deituta nengoen gaur … Nire txanda iritsi denean euskaraz deklaratu nahi dudala jakinarazi dut, eta epaileak aretotik ateratzeko agindu dit itzultzailea etorri bitartean. 15 minutura iritsi da itzultzailea, baina ordurako epaileak beste epaiketa bati ekin dio. Hori aski ez, eta bigarren epaiketa bat ere sartu du tartean, itzultzailea bertan zen arren. Bi ordu egon behar izan dut zain deklaratzera sartu aurretik. Nire txanda iritsi denean protesta azaldu dut atzerapenagatik, eta kontuak alde batera utzi eta bere galderei erantzuteko agindu dit zakar. Oso jarrera despota eta erasokorra izan du nirekin. Nik euskaraz deklaratu nahi izatea ez zaiola gustatu iruditu zait. Euskaraz egiterik nahi ez bazuen, esan besterik ez zuen. Ez da bidezkoa euskaraz hitz egin nahi izateagatik horrelako tratu zakarra jasotzea”.
    Iazko txostenaren aurkezpenean, langile publikoen kontratazio irizpideak aldatu beharra jarri zuen mahai gainean Behatokiak. Puntu beltz markatu zuen arlo hori Behatokiak. Bada, ildo beretik doa aurtengoa ere.

    “Administrazioek ezin dute herritar guztien aukera berdintasuna bermatu artatzen duen langileak administratuak hautatutako hizkuntza ez badaki”. Egoera kroniko bihurtzen ari da Behatokiaren ustez eta bestelako hizkuntza-politikak egiteko beharra mahai gainean jarri du, hizkuntza-eskubideak erdigunean jarriko dituztenak.

    Tarteko proposamena ere gehitu du Behatokiak aurten. Euskaldunak bere hizkuntzan artatua izateko eskubidea aldarrikatzen duenean jasotzen duen tratu desegoki horren aurrean, beharrezko jo du euskal hiztunentzat gune babestuak lortzea, espazio seguruak. Ildo horretan, Donostia Ospitaleko errehabilitazio unitatean sortutako zirkuitoa jarri dute adibide.

    “Botere publikoen zeregina da injustizia egoerak zuzentzea eta herritarrei eskubideak legez aitortu eta horiek bermatzeko neurriak hartzea”, Haranburuk esan duenez.

    Nafarroako egoerari bereziki erreparatu diote Iruñeko aurkezpenean. “Nafarroako herritarren aldetik jasotako kexetatik askok agerian utzi dute Euskararen Lege berria behar dela. Zonifikazioak herritarren desberdinkeria sortzen du eta hori gainditu beharra dago. Gainera, hainbat kexa hartzailek lege urraketarik ez egitea argudiatzen dute, egungo legediari erreparatuz”.

    Ez dute ahaztu aurten ere herritarrek adierazten duten euskaraz bizitzeko nahia. Bide horretan jarraitzeko deia ere egin du Behatokiak.

     

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan

Banerrak