Herritarra ahalduntzen denean aldaketarako giltzarri bihurtzen da

2015-06-18

Card image cap

"Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2014" txostenaren aurkezpenekin jarraituz, Ipar Euskal Herriari dagokion egoeraren berri eman du Garbiñe Petriati zuzendariak, Argitxu Etxandi lankideak lagunduta. Herritarren bultzadari esker egoera aldatzea posible dela esan du Petriatik.

Herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez Behatokira helarazitako gertaerekin (kexa, zoriontze eta iradokizunak) osatzen da urterik urte aipatu txostena. Jasotako gertaerek agerian jartzen dute gero eta gehiago direla euskaraz bizi nahi duten herritarrak eta gero eta determinazio handiagoarekin ekiten diotela euren nahi hori errealitate bihurtzeko jardunari, aitzitik, errealitateak ez die hori ahalbidetzen.

Behatokiko zuzendariak herritarrek, urraketak jasateak eragiten dizkien sentimenduen inguruan hitz egin du. “Urraketek herritarrari sentimendu ugari sentiarazten diote, bazterketa, nahigabea, amorrua, inpotentzia etab., esan du Petriatik.

Euskaraz bizi nahi duten herritarrak oztopoei aurre egiteko prest daudela nabarmendu dute agerraldian. Urraketen aurrean jarrera aktiboa hartzen baitute askok. SNCF tren konpainiari lotutakoak nabarmendu ditu Behatokiak eta azken urtean ikusi ahal izan dugu, adibidez, seinaletikari lotuta herritarrek egin zuten ekimena, frantses hutsean zeudenak Frantziara bidaliz. Gauza bera, azken urteotan Baxoa azterketa euskaraz egin ahal izateko egin diren ekimenak. “Herritarra oztopoei aurre egiteko prest dagoela ikusi dugu eta saiatzen da konponbidea bilatzen, egoera hori hobetzeko zerbait egiten”, esan du. “Horretarako laguntza eta elkartasuna bilatzen du, horrela jotzen du Behatokira. Elkarlanean aldaketa eragin”, esan du zuzendariak. 

“Euskaltzale aktiboak eragiteko tresna moduan ikusten du Behatokia”, nabarmendu du Petriatik. “Hainbatetan egoera aldatzea lortzen da eta argi dugu aldaketa txiki askoren ondorio izango dela  aldaketa handia”. Getariako Herriko Etxearen webgunea euskalduntzea lortu da, adibidez, hainbat herritarrek egindako eskaera kudeatu ondoren. Beste adibide bat ere aipatu dute: Capio Klinikan, herritar batek egindako kexa aintzat hartuz, harrerako hizkuntza-paisaia eta informaziorako esku-orria euskaratu dituzte.

Hizkuntza-eskubideen urraketen atzean erantzuleak daude eta hauen jarrera arbuiatu du Behatokiko zuzendariak. “Estatu frantsesaren kasuan, erantzukizun handia du hizkuntza-eskubideen urraketei dagokionean eta bere jarrera beste alde batera begiratzea da. Are gehiago, frantsesaren inposizioarekin jarraitzen du, euskaldunon hizkuntza-eskubideei muzin eginez”.

Euskaraz bizitzeko nahia egi bihurtu dadin, arduradun politikoei deia luzatu die Behatokiko zuzendariak, euren politiketan erroko aldaketa egin eta hizkuntza-eskubideak babesteko beharrezko neurriak har ditzaten. Eta herritarrei, abiatutako bidetik jarraitu eta hau intentsitate handiagoz egiteko gonbita ere egin die, “herritarren presioa areagotu behar da. Ahaldundu, ez utzi pasatzen bat bera ere”.