• Zabaldu FacebookenZabaldu Twitter-enInprimatu albistea
    2021, irailak 1
    Gure eskubideak exijitzeak badu eragina

    Badirudi herritar, udal eta kolektibo ezberdinek helarazitako kexa eta haserreak eraginkorrak izan direla eta Eusko Jaurlaritzako arduradunak neurriak hartzera eraman dituela. Abuztuaren 18an, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, Euskadiko udaltzaingoetarako bitarteko agenteen lan-poltsa sortzeko hautespen prozesuaren irekiera iragarri zuten. 

    Besteak beste, eskabidea aurkezteko nahitaezkoa da euskara jakitea B2 mailan edo baliokidean. Beraz, aldi baterako kontratazioetan egungo egoera zuzentzeko neurria izan daiteke. Herritarren eskubideak, ongizatea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko eskakizuna da euskaraz zerbitzua eskaini ahal izatea. 

    Hala ere, gogoratu behar dugu, oraindik orain hainbat lan-postu daudela hizkuntza eskakizun gabe eta beste kasu batzuetan agenteek B2 mailako ziurtagiria izan arren, lan handia dagoela egiteko herritarren euskararen erabilerarekiko zein zerbitzua eta informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubideaz eta hauekiko agenteen betebeharrez kontzientziatzeko. 

     

    Aspalditik datorren eskaria 

    Behatokitik hainbatetan salatu dugun bezala, gure herri eta hiri askotako udaltzaingo zerbitzuetan oraindik herritarrei ez zaie euskarazko zerbitzua bermatzen. Urtero hainbat herritarrek zenbait udaltzaingoarekin ezin izan dutela euskara erabili salatzen dute, eta beste askotan atzerapenak edo bestelako ondorioak jasan behar izaten dituztela agenteekin harremanak euskaraz nahi izateagatik. 

    Honi lotuta, hainbatetan aipatu dugu agenteen deialdi guztietan lan-postuei derrigortasun-datak ezartzearen beharra, bai eta udaltzaingoko kidegoaren artean herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko duten betebeharra lantzearena. 

    Aldi baterako kontratazioetarako lan-poltsaren arazoa zegokien arduradunei bideratu eta neurriak hartzea eskatu genien. Izan ere, udalek Arkautetik gestionatzen dituzten lan-poltsetara joaz gero aldi-baterako kontratazioetarako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako bitartekoen lan-poltsan, ez zen geratzen hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten behar adina izangairik. Hau da, udalek hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten izangaiak eskatu arren, euskaraz dakitela egiaztatuta ez zuten hautagaiak soilik eskaintzen zitzaizkien udalei. Ondorioz, udal batzuk euskaraz ez zekiten agenteak kontratatzeko erabakia hartu zuten. 

    Horien ondorioz, uda honetan ere herritarrek Udaltzaingoko langile batzuekin euskara erabiltzeko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko arazoak izan dituzte. Horrela salatzen zuen adibidez herritar batek: “Donostiako udaltzainei deia egin, euskaraz hitz egin eta telefonokoak gaztelaniaz erantzun. Telefonoa hartzen denetatik dagoela esan dit, euskaraz dakitenak eta ez dakitenak, normaltasun osoz”.
     

EUSKARAREN TELEFONOA

Zure hizkuntza-eskubideak urratzen badituzte, jarri gurekin harremanetan